PROIEKTUA: Hegazkin elektrikoetarako azterlan eta garapen teknologikoak.
LORPENA: Atxikimendu handiko, iraunkorrak eta izotzaren aurkako propietateak dituzten estaldurak lortzeko formulazio sorta berri baten garapena, konpositezko eta/edo aluminiozko substratuetarako (margotuta edo margotu gabe), eta konpositean txertatu daitezkeen material konposatu eta/edo indartze-materialetarako atxikimendu ona, eroankortasun elektrikoa eta apantailatze elektromagnetikoko propietateak dituzten formulazio berrien garapena.
E-Flight proiektuaren helburua da hegazkinen propultsio-sistemen elektrifikazioak aeroegituren sektorean ekarriko dituen erronkei aurrea hartu eta erantzutea, etorkizuneko hegazkin elektrifikatuek beharko dituzten balio teknologiko handiko produktu, multzo eta soluzio funtzionalak garatuz. Propultsio-sistemen elektrifikazioa funtsezkoa da aire-garraioaren deskarbonizazioan. Izan ere, hegazkinen emisioak murrizteaz gain, haien funtzionamendua eraginkorragoa eta isilagoa izatea ahalbidetzen du, eta mantentze-kostuak ere murrizten ditu. Horretarako, beharrezkoa da hegazkinaren funtzionamenduari eta eraginkortasunari lotutako funtsezko arloak ikertzea, bereziki aeroegiturak eta sistema osagarriak. %100 elektrikoak izango diren sistema berrien integrazioak, osagai berriekin, tamaina handiagoko elementuekin eta inoiz erabili gabeko potentziekin, baldintza berriak ezarriko dizkio hegazkinaren egiturari.
Etorkizuneko aeroegitura propultsio-sistema elektrikoaren eta hari lotutako energia biltegiratzeko sistemaren mende egongo da neurri handi batean; sistema hori hegazkinean bertan integratu beharko da (Battery Pack). Beste sektore batzuetan, hala nola automobilgintzan, heldutasuna lortu duen bateria-teknologia egokitu egin beharko da hegazkinetan modu seguruan integratu ahal izateko. Horrez gain, izotzaren aurkako sistema bezalako sistema osagarriak ere elektrifikatu eta integrazio-prozesu berean txertatu beharko dira. E-Flight Euskadiko lau enpresaren (AERNNOVA, INNOMAT, MUGAPE eta ORKLI) ekimena da, etorkizuneko hegazkin elektrikoetarako energia biltegiratzeko sistemak eta funtsezko sistema elektrikoak integratuko dituzten material berriak, fabrikazio-teknologiak eta aeroegitura-konfigurazioak ikertu eta garatzeko. Erronka nagusietako bat egitura-funtzioa izango duen Battery Pack arin bat garatzea da, pisua murrizten laguntzeko. Beste erronka bat propultsio-sistema, bateria-multzoak eta sistema osagarriak (kableatua, segurtasun-elementuak eta kudeaketa termikoko sistemak) integratzea izango da, hegazkinaren pisua eta maniobragarritasuna kaltetu gabe.
Proiektu honetan, TECNALIA zentro teknologikoarekin lankidetzan, INNOMATen helburuak bi dira:
- Konpositezko eta/edo aluminiozko substratuetarako (margotuta edo margotu gabe) atxikimendu handiko, iraunkorrak eta izotzaren aurkako propietateak dituzten estaldurak lortzeko formulazio berriak garatzea. Horretarako, estaldura mota desberdinen formulazioak eta aplikazio-teknologiak konpositezko substratuetara eta sektore aeronautikoaren eskakizunetara egokituko dira.
- Konpositean txertatu daitezkeen material konposatu eta/edo indartze-materialetarako atxikimendu ona, eroankortasun elektrikoa eta apantailatze elektromagnetikoko propietateak dituzten formulazio berriak garatzea. Horretarako, apantailatze-propietateak eskaintzen dituzten estaldura polimerikoen formulazioak eta aplikazio-teknologiak konpositezko substratuetara eta sektore aeronautikoaren eskakizunetara egokituko dira.
E-FLIGHT proiektua Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK Enpresa I+G Laguntza Programaren bidez finantzatu da. Jarduketa hau Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, eta Europar Batasunak, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF/FEDER) 2021–2027 programaren bidez, kofinantzatu dute.
