PROIEKTUA: Adimen Artifizialean oinarritutako ereduen bidez eoliko flotatzailearen egitura-osotasunaren ikerketa.
LORPENA: Korrosioaren eta biofouling-aren aurkako babeserako estaldura organiko eta hibridoak garatzea, degradazio-ereduak garatzeko.
INTEGRIA Hazitek estrategikoko proiektuaren (ZE-2023/00026), HAZITEK 2023 programaren bidez finantzatutakoaren, helburua Adimen Artifizialean (AA) oinarritutako hainbat eredu digitalek osatutako eredu integral bakarra garatzea da. Eredu horiek eoliko flotatzailearen funtsezko elementuak hartzen dituzte barne, hala nola trantsizio-pieza (TP), ainguratze-sistema, energia transmititzeko eta elikatzeko sistemak, sarbide-sistemak eta aerosorgailu flotatzailea kontrolatzeko sistema hidrauliko eta mekanikoak.
Proiektua Nautilus Floating Solutions enpresak gidatzen du, eta partzuergoa 12 enpresak eta hiru zentro teknologikok osatzen dute: Alerion, Ceit Zentro Teknologikoa, CIDETEC, CoreMarine, DITREL INDUSTRIAL S.L., ERREKA, GLUAL ENERGY, HINE GROUP, Ibermática, INNOMAT, KERA-COAT, LAULAGUN BEARINGS, NAVACEL PROCESS INDUSTRIES S.A. eta TECNALIA.
Itsas ingurunea dagoen ingurunerik erasokorrenetako bat da, kloruroak bezalako agente kimiko kaltegarriak eta olatuek, haizeak eta errotoreko palen etengabeko mugimenduak sortutako tentsio eta neke zikliko handiak uztartzen baititu egituraren bizi-ziklo osoan.
Eoliko flotatzailearen kasuan, egiturez gain, ainguratze-sistemek gutxienez 25 urteko bizitza erabilgarria bermatu behar dute. Hutsegite gehienak instalazio desegokiaren edo korrosioaren ondorio dira; horregatik, funtsezkoa da egituretan erabiltzen diren materialak, lotura-sistemak eta babes-estaldurak behar bezala aukeratzea, baita neke-, korrosio- eta tentsio-mailak modu eraginkorrean ebaluatzea ere, mantentze-lanak murrizteko.
Gaur egun sektore eolikoan erabiltzen diren estaldura-sistemak lodiera handiko geruza anitzeko sistemetan oinarritzen dira (≥350 µm), eta horrek material-kontsumo handia eta ingurumen-inpaktu nabarmena dakar.
Testuinguru horretan, helburua korrosioaren aurkako babesa ez ezik higaduraren aurkako erresistentzia ere eskainiko duten irtenbide berriak garatzea da, materialen bizi erabilgarria luzatzeko eta mantentze-lanak errazteko. Horretarako, geruza bakarrean aplikatzen diren Direct-to-Metal (DTM) estaldurak garatzen ari dira, geruza kopurua eta guztizko lodiera murriztuz eta geruzen arteko atxikimendu-arazoak saihestuz. Era berean, jatorri biologikoko osagaiak dituzten estaldurak eta aurreko geruzak kendu gabe berriz margotu daitezkeen sistemak garatzen ari dira, ingurumen-inpaktua eta mantentze-kostuak murrizteko.
Bestalde, eoliko flotatzailearen esparruan ezinbestekoa da estalduren ingurumen-jasangarritasuna kontuan hartzea. Estalduren iraunkortasuna eta bizi-zikloa handitzeak ez du ingurumen-inpaktua areagotu behar; horregatik, bizi-ziklo osoan zehar jasangarritasuna bermatzea lehentasunezko helburua da.
INNOMATentzat, proiektuaren helburu nagusia mantentze-lanak murriztu eta errendimendua hobetuko duten estaldura organiko eta hibrido berriak garatzea ez ezik, estaldura organiko bat eta imprimazio-geruza hibrido bat uztartzen dituen sistema diseinatzea ere bada, baita eitura flotatzaileetarako egokitutako aplikazio- eta ontze-prozesu industrial bat garatzea ere.
Berrikuntza horiek guztiak baliozkotzeko, NAUTILUS plataforma erabiliko da azterketa-kasu gisa, eta HarshLab, BiMEP instalazioetan kokatua eta TECNALIAk kudeatua, itsasoko laborategi gisa erabiliko da INTEGRIA proiektuan garatutako ikerketaren emaitzak baliozkotzeko.
Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatzen du HAZITEK 2023 Programaren bidez, eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF/FEDER) kofinantzatzen du.
